Enpresa baten karbono-aztarna berotegi-efektuko gas guztiak dira, enpresa horrek garatzen duen jardueraren bidez zuzenean edo zeharka isuritakoak.
Karbono-aztarna BBVAk BBVA Enpresentzako Online Bankuaren erabiltzaileei eskaintzen dien funtzionalitate bat da.
Funtzionalitate horrek bi zerbitzu eskaintzen dizkie BBVA Enpresentzako Online Bankuko erabiltzaileei: Zure karbono-aztarnaren kalkulu zenbatetsiari buruzko Zerbitzua ("Tresna") eta BBVAk eskainitako karbono-aztarnaren inpaktua murriztera zuzendutako ondasun eta zerbitzuen finantzaketa-zerbitzua.
1. Zure karbono-aztarnaren kalkulu zenbatetsiaren zerbitzua ("Tresna").
Zerbitzu honetaz baliatu ahal izateko, BBVAk aztertu egiten du zure kontuetan eta BBVA Agregatzaile Finantzarioan gehitutako beste banku batzuetako kontuetan erregistratutako ordainketei buruzko honako informazio hau:
- Energia/argindarra: barne hartzen ditu gas- eta argindar-ordainagiriekin lotutako txartelekin egindako zordunketei, transferentziei eta ordainketei dagozkien mugimendu guztiak. Tresnak ez du uzten argindar-ordainketak eta gasari edo beste erregai fosil batzuei dagozkienak bereizten. Beharrezkoa da adieraztea, halaber, sartu den faktura energetikoa kostu osoari eta energiarekin zerikusirik ez duten beste gastu batzuei dagokiela. Horiek sartzeak apur bat goraxeagotik balora ditzake iturri horretarako kalkulatutako isuriak.
- Erregaia: barne hartzen ditu gasolindegietan txartelarekin egindako ordainketa guztiak, erregai-txekeak dituzten karguak eta gasolina-zerbitzuguneetako ordainagiriak. Beraz, gasolindegietako erregaien gastuei beste gastu batzuk ere gehitu dakizkieke, hala nola, kafetegia eta abar. Horiek sartzeak apur bat goraxeagotik balora ditzake iturri horretarako kalkulatutako isuriak.
BBVA Tresnan erabilitako iturri nagusiak dira MITECOren Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoa erregaientzat, eta Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala, berriz, energia/argindarrarentzat.
Bi erakunde ofizial horiek beren faktoreak eguneratzen dituzte urtea amaitu ondoren. Erregaien faktoreak konstanteak izaten dira, baina elektrizitatearen faktoreek aldakuntza handiak izan ditzakete urtean, ekoizpen nazionaleko mixaren eta argindar-merkaturatzaileen mixaren arabera. Gorabehera horiek ezin dira aurreratu, eta, horregatik, BBVA Tresnak beti erabiltzen ditu argitaratutako eta eskuragarri dauden azken isurpen-faktore ofizialak.
Tresnak karbono-aztarnari buruzko informazioa emango du hilero. Erregaien eta argindarraren ordainketak bihurtzeko, Tresnak eskura dagoen azken informazio ofizialera jotzen du beti (Energiaren Estatu Idazkaritzak argitaratutako Prezioen eta Tarifen hileko txostena, erregaiak hilabeteko atzerapenarekin, eta Eurostaten azken estatistika, argindarrerako eta gas naturalerako ordainketaren seihilekoan eskuragarri dagoena), eta, beraz, baliteke emaitzazko datua eguneratuta ez egotea.
"Nire Karbono Aztarna" neurtzeko datuak zenbatespen hutsa dira eta baliteke urrunduta egotea BBVAk zure enpresaren benetako kontsumoari buruzko %100eko informazioa izango balu emango litzatekeen neurri errealetik. Datuak Tresnak hilero kalkulatzen dituen informazio eta estatistika partzialetan oinarritzen dira.
Zerbitzuak bere funtzionalitateen artean izango ditu balio erantsiko beste zerbitzu batzuk, hala nola erregaian eta energian egindako gastu motaren araberako kategorizazioa eta informazio erantsia.
Zerbitzua behar bezala eman ahal izateko eta informazio estatistikoa eskaini ahal izateko, baimena ematen duzu BBVAk zerbitzu hori ematetik lortutako informazioa anonimizatzeko eta modu atzeraezinean eta agregatuan bereizteko, eta ez du aukerarik ematen zerbitzu horren titularrik, bezerorik edo beste edozein enpresarik identifikatzeko.
Zerbitzuak aukera emango dizu, halaber, ingurumen-inpaktuaren kalkulutik abiatuta, energiaren eta erregaiaren urteko zenbatekoaren ingurumen inpaktua ikusteko.
Kalkulu horretan oinarrituta, BBVAk kalkulagailu bat jarriko du zure eskura, zure ingurumen-inpaktua murrizteko hainbat formularen bidez aurrezki-helburuak ezarri ahal izan ditzazun.
Kalkulagailu horrek ematen dituen datuak gutxi gorabeherakoak dira, eta ez dituzte kontuan hartzen kontsumoen prezioek izan ditzaketen aldaketak, ezta beste faktore batzuk ere.
Zerbitzuaren erabileratik atera ditzakezun ondorioen eta zerbitzuaren erabileran, informazioan edo analisian oinarrituta har ditzakezun erabakien erantzule bakarra izango zara Ildo horretan, Zerbitzuaren bidez eskainitako informazioa edo analisia inolaz ere ezin da hartu BBVAren aholku gisa (legezkoa, fiskala, finantzarioa, inbertsiokoa edo teknikoa), ezta BBVAren eskaintza edo berme gisa ere; ezin da ere ulertu eragiketak egiteko gomendio gisa, eta ezin da oinarritzat hartu norabide jakin batean zerbait erabakitzeko.
BBVAk ez du bere gain hartzen emandako datuaz egin daitekeen erabileraren ardura, batez ere datu hori eguneratu eta egiaztatu ez bada, oraingo edo etorkizuneko araudiak betez.
MITECOk karbono-aztarnari buruzko dokumentu metodologiko bat eskaintzen du, eta hemen kontsulta daiteke: https://www.miteco.gob.es/es/cambio-climatico/temas/mitigacion-politicas-y-medidas/guia_huella_carbono_tcm30-479093.pdf
2. BBVAk emandako "Eraginkortasun Energetikorako Finantzaioa" Finantzaketa Zerbitzua:
BBVAk enpresaren eraginkortasun energetikoa hobetzeko ekimen iraunkorrak finantzatzeko hainbat formula eskaintzen ditu: rentinga, leasinga, kreditu-kontuak, maileguak. Zerbitzu honen bidez, BBVAk karbono-aztarnaren inpaktua murrizteko finantzaketa aztertzen du (led bonbillak, motorrak, galdarak eta abar ordezkatzea).
Enpresa bere ingurumen inpaktua murrizteko finantzaketa eskatzeko interesaturik balego, BBVAk aurretiaz onartu beharko du eragiketa, baina hori ez da izango BBVA eta erabiltzailea lotuko dituen kontratazio eskaintza bat.