2023an kontuan hartu beharreko arriskuak

Normala denez, datozen hilabeteetarako aurreikuspen ekonomikoak arrisku aukera sorta zabal bati loturik daude. Nagusiena da inflazioak aurreikusia den baino gehiago irautea, bigarren txandako efektuak agertzeagatik edo talka berriengatik. Egoera hori gertatuz gero, banku zentralek interes-tasak oraindik gehiago igo beharko lituzkete. Inflazio handiagoko egoera horrek beherakada nabarmenak eragingo lituzke jardueran, tentsioak lekarzke gizartean, eta politika ekonomikoan neurri populistak eta kaltegarriak eragingo lituzke. Azken hilabeteetan inflazio-tasak apaldu diren heinean, egoera horren probabilitatea murriztu egin da. 

Beste arrisku-faktore batzuk Txinako ekonomiaren gainean den ziurgabetasunetik datoz, COVID zero politikaren ondorioak eta higiezinen sektorearen doikuntza uztartzetik. Hala ere, badirudi arrisku hori ere moteldu egin dela, sektore sustatzailearen erorketa eta koronabirusaren agerraldi berrien aurrean murrizketak arintzea saihesteko gobernuak hartutako laguntza-neurriak direla eta. 

Ekonomia globalak 2020tik jasan dituen talka global bizi eta berrien kateamenduak -halaxe baitira, esaterako, pandemia, ekoizpen kate globaletako disrupzioak, Ukrainako gerra edo inflazio tasa handiak- aldaketa garrantzitsuak eragiten ari dira mundu mailan, bai geopolitikaren esparruan, bai ekonomian.  Arrisku geopolitikoak ezarian jarraitzen du, baita finantzetan istripuak gertatzeko aukera ere.

Aurreko hamarkadetako merkataritza- eta finantza-fluxuen globalizazio-prozesuaren aurrean, aldaketak eta globalizazio-formula berriak ari dira gertatzen prozesu horretan. Dibertsifikazioak eta ekoizpenaren birlokalizazioak garrantzia hartzen doaz geografikoki eta politikoki hurbilago dauden herrialdeetan. Aldi berean, neurri protekzionistak hartzen doazela ikusten dugu, AEBak inflazioa murrizteko programarekin (IRA) egiten ari diren bezala. Ordena berrian, autonomiak eta segurtasunak gero eta pisu handiagoa dute kostuen aurrean. Eta, agian, moderazio handiko garaiak hegakortasun handiagoko beste bat eragin dezake.

Arrisku horiei guztiei aurre egin behar diegun aldi berean, digitalizazioaren eta klima-aldaketaren erronkari heltzeak premiatzen du -aukera handia zabaltzen du horrek-, baita demografia-aldaketei, zahartzeari eta immigrazioari ere. Gauzak horrela, galdera asko sortzen dira munduko ekonomiaren konfigurazio berriari buruz, nola iritsiko garen horretara, zer eragin izango duen hazkunde globalean eta zeintzuk izango diren martxan dauden prozesu horien guztien irabazleak.

Hauek idazten dute:

Sonsoles Castillo, BBVA Research-eko analisi ekonomiko eta finantzarioko arduraduna, eta Rafael Domenech, BBVA Research-eko Analisi Ekonomikoko arduraduna eta Valentziako Unibertsitateko Ekonomia Analisiko katedraduna.