Zorra behar bezala kudeatzeko tresnak eta metodoak
Zorra behar bezala kudeatzeko tresnak eta metodoak
Adimen artifizialeko tresnen laguntzaz hitz egiten du podcast honek.
Zorra, kontzeptu gisa, oso ezaguna zaigu eta erraz ulertzen da, printzipioz. Baina, batzuetan, ez da kontuan hartzen zorrak nola eragin diezaiokeen ekonomiaren funtzionamenduari maila guztietan. Zorra edo zorpetze finantzarioa deritza hirugarrenek emandako funtsak itzultzeko den betebeharrari.
Hori da ekonomiaren funtzionamendurako oinarrizko mekanismoetako bat. Baina finantza-osasuna beti zaindu beharreko kontua da, partikularrena zein enpresena izan. Gainera, mailegu bat eskatzerakoan, kontuan izan behar da zenbateko horri beste gastu batzuk gehitu behar zaizkiola normalean, komisioak edo interesak, esaterako.
Zor horiei aurre egiteko, aukera bat mailegu guztien zenbatekoa bakar batean biltzea izan liteke. Bateratze horrek hileko kuota bakarra ordaintzea ahalbidetzen du, eta kuota horren zenbatekoa aurretik ordaintzen zirenen batura baino txikiagoa izango da. Amortizazio epea handitu egingo da, egiaz, eta beraz, baita bukaerako kostua ere, interesak direla eta.
Zorren bateratzea ez da bereziki zaila, baina enpresa bitartekari baten aldetik banan banako azterketa egitea eskatzen du. Horrek aztertuko ditu geratzen diren zorrak, interesak eta amortizazio-epeak. Behin eragiketa onetsita, hainbat banketxerekin ordainketa-baldintza berriak negoziatzen hastea litzateke hurrengo urratsa.
Kontuan izan behar da zorrak metatzen joaten direla kreditu-txartelen, mailegu pertsonalen, hipoteka-maileguen eta automotrizeen bidez. Gastuak ez badira kontrolatzen, finantza-osasunari zein osasun fisikoari eragin diezaioke, frustrazioa, larritasuna eta ezintasuna sortzen baititu. Kreditu txartelarekin gastatzen dena mugatzea izan daiteke lehen urrats bat, gehiegizko zorpetzerik gerta ez dadin.
Baina, nola kudeatu eta amaitu zorrak? Ez dago formula magikorik, baina plan bat ezarri beharko litzateke horiei aurre egiteko. Onartu egin behar da zorpetze bat dagoela, eta gastuak mugatzen ahalegindu behar da. Zor horien zenbaterainokoa da zorrak kudeatzeko orduan kontuan hartzeko alderdi bat, horiek ordaintzeko zer diru erabil daitekeen jakin ahal izateko.
Halaber, ez legoke gaizki zerrenda bat egitea, gastu finkoen zein aldakorren zenbatekoak azalduz. Horrela, baztertu daitezkeen gastu batzuk aurki litezke. Beste modu bat zorrak murrizteko metodo ezberdinak erabiltzea litzateke. Horietako bati “elur-jausia” esaten zaio. Metodo hori interes-tasa handiena duten zorren ordainketari aurre egitean oinarritzen da.
Interes-tasarik handiena duen zor hori likidatu ondoren, ordainketa horretarako erabiltzen zen dirua interes-tasarik handieneko hurrengo zorrera bidera liteke, eta, hala, ondoz ondo jarraituz. Kontuan izan behar da metodo horrek denbora gehiago behar izan dezakeela murrizketa islatzeko, eta zenbait pertsonentzat batzuetan etsigarria izan daitekeela.
Snowball edo Elur-bola metodoa da zorrak erraz murrizten laguntzen duen beste tresna bat. Metodoaren gakoa lehenik eta behin zenbateko txikieneko zorrak kitatzean datza. Hau da, aparteko saldo bat jartzen da lehenbizi zor txikiena ordaintzeko, guztiz kitatu arte, eta bitartean gutxieneko ordainketak egiten dira gainerakoetan.
Ordainduta dagoenean, kitatutako zorra ordaintzeko erabiltzen zen kopurua hurrengo zor txikiena ordaintzeko erabiliko da. Metodo hori eraginkorrenetako bat dela ikusi da zorrak murrizteko. Izan ere, ahalegin ekonomiko txiki errazagoetan oinarritzen da.
Emaitzak errazago eta azkarrago lortzen dira, eta, horrela, motibazioa handitzen da, zorraren konponbidea gertuago ikusten baita. Zer metodo jarraitu erabaki ondoren, konstantea izan behar da plana gauzatzean eta beti jakin behar da zer zorpetze-ahalmen izan daitekeen.
Halako helburuei ekiteko garaian, funtsezko gakoetako bat da ongi antolatzea. Horretarako, zeregin hori errazten duten aplikazio ugari daude. Bai zorrak murriztu nahi dituztenentzat, bai aurreztu egin nahi dutenentzat.
Aplikazio horien adibide bat da BBVAren Nire egunerokoa. Horri esker, kontrolpean dugu daukagun dirua. Diru-sarrerak ikusteko eta gastuak kategorien arabera ordenatzeko aukera ematen du. Hobeto planifikatu daiteke horrela, eta erabaki hobeak har daitezke aurrezteko unean. Gainera, aurreikusitako mugimenduen ikuspegia izan daiteke, sarrerena zein gastuena.