Zer da autentifikazio indartuaren tresna (PSD2)?
PSD2 Zuzentarauak (Payment Services Directive), hots, Ordainketa Digitalen Zerbitzuen Europako Zuzentarauak, txartelarekin ordaindutako transakzio digitalen segurtasuna handitzea du helburu.
Autentikazio indartua (Strong Customer Authentication - SCA) Europako araudi horren parte da eta transakzio baten segurtasuna areagotzean datza. Online ordainketa bat egiten duen pertsona dela benetan erabiltzen den txartelaren titularra dela berresten du.
Horretarako, bi faktore erabili beharko dira, kategoria hauetako batekoak izango direnak:
- Pertsonak bakarrik dakien zerbait; adibidez, bere bankuko webgunera edo app-era sartzeko bere pasahitza.
- Pertsonak bakarrik duen zerbait; adibidez, posta elektroniko baten, sms mezu baten edo telefono mugikorrera heldutako jakinarazpen baten bidez jasotako kode numeriko bat.
- Pertsona bakarrik den zerbait; adibidez, haren patroi biometrikoak (hatz-marka, aurpegiko ezaugarriak edo irisa).
Non eta noiz erabiltzen da?
PSD2 Zuzentaraua soilik Europako Esparru Ekonomikoaren barruko online saltokietan txartelarekin egindako erosketetan aplikatzen da. Hortaz, Estatu Batuetan, Txinan, Mexikon eta abarretan egindako erosketek ez dute autentikazio indarturik beharko berresteko.
Netflix, Spotify, Amazon Prime eta gisako plataformetan harpidetza-zerbitzuen ordainketarako bitarteko modura txartela erabiltzean ere autentikazio indartua eskatuko da, nahiz eta une horretan ez egin batere ordainketarik (transakzioaren zenbatekoa 0 € izango da).
Nola funtzionatzen du BBVAren bezero digitalentzat?
BBVAren bezeroa bazara eta jada alta emana baduzu kanal digitaletan, 7 minutu izango dituzu baimentze-prozesua burutzeko:
- Saltoki elektroniko batean txartelarekin erosketa baten ordainketa hastean, txartelaren datuak sartu beharko dituzu (titularraren izen-abizenak, txartelaren zenbakia, iraungitze-data eta CVVa).
- Jarraian, pantaila bat agertuko da mezu batekin, ordainketa berresteko BBVAren webgunera edo app-era sartu behar duzula azaltzen duena.
- Zure mugikorrean jakinarazpenak aktibatuta badituzu, erosketari baimena emateko mezu bat iritsiko zaizu mugikorrera. Bertan sakatuz, BBVAren app-a zabalduko da zuzenean.
- bbva.es webgunera edo BBVA app-era sartzeko, egiaztatu egin beharko zara zure pasahitza edo biometriaren aukera (hatz-marka, aurpegiaren edo irisaren bidezko ezagutza) erabilita. Hori izango da lehen autentikazio faktorea.
- Ondoren, pantaila bat azalduko da online erosketaren datuekin, onarpena emateko. Erosketa bat baino gehiago eta saltoki ezberdinetan ari bazara egiten, erosketak banan-banan onartu beharko dituzu.
- Erosketa onartzean, sms mezu bat jasoko duzu zure mugikorrean, erabilera bakarrekoa eta denbora murriztu baterako (2 minutu, gutxi gorabehera) bakarrik balio duen kode batekin, eta kode hori sartu beharko duzu bankuaren webguneko edo app-eko pantailan. Hori izango da bigarren autentikazio faktorea, eta ordainketari baimena ematen ari zaiona benetan zu zarela berresten du.
- Kodea balioztatzean, erosketa amaituta egongo da. Ondoren, saltoki elektronikoaren pantailara itzuli behar duzu, transakzioaren xehetasunak berrikusteko.
Nola funtzionatzen du BBVAren bezero ez digitalentzat?
BBVAren bezero bazara baina oraindik ez baduzu eman alta bere kanal digitaletan, honela izango da autentikazio prozesua:
- Saltoki elektroniko batean txartelarekin erosketa baten ordainketa hastean, txartelaren datuak sartu beharko dituzu (titularraren izen-abizenak, txartelaren zenbakia, iraungitze-data eta CVVa).
- Jarraian, sms mezu bat jasoko duzu zure mugikorrean, txartelaren pinaren 2 posizio erabiliz eragiketa matematiko bat burutzeko jarraibideak biltzen dituena.
- Erosketaren ordainketa balioztatzeko, eragiketa matematikoaren emaitza saltokiaren pantailan sartu beharko duzu.